“Harrituta nago zenbat elkarte dauden Oñatin eta oso gustura gabiltza topaketa hauetan elkar ezagutzen, egiten duguna partekatzen eta gure kezkak konpartitzen”. Anaren (HOTZ Oñati) hitzak dira baina hiru saioetan partaide askoren ahotan errepikatu dira. Izan ere, Oñatiko Udalak 200dik gora elkarte, eragile, mugimendu eta ekimen zehatz kontabilizatu ditu azken urteetan, hori bai marka!
Isabelek ere argi du (TRAUTI elkartea), “parte hartu beharra dago, aurrera egiteko bidea da, eta oso aberasgarria da beste elkarteetan zertan ari diren jakitea eta modu sakonagoan elkar ezagutzea”. Eta ez hori bakarrik, “Udalak eragileok egiten dugun lan guztia ezagutu beharko luke” gehitu du Isabelek, “guregana hurbiltzeko eta konfiantza handitzeko bidea izan daiteke".
Horrekin ados dago Anik Zubizarreta Oñatiko Partaidetza eta Garapen Komunitarioko zinegotzia, “Udaletik uste dugu elkarlanean egin behar ditugula gauzak, herritarrekin batera, eta horretara datoz Aulkiak topaketak, elkarrekin bat egiteko, elkar ezagutzeko eta hausnarketa kolektiborako espazioa izan nahi du”.
Oñati, herri aktibo eta bizia
“Astebururo ekintzaren bat dago, ez bada musika edo kultur arlokoa, (…) gura edo ez beti dago zerbait egiteko” azaltzen du Itziarrek (GANBARA Abesbatza).
Eta herriak erantzuten du gainera. Anaren (HOTZ Oñati elkartea) hitzetan “edozein ekintza antolatzen duzunean Oñatiko herriak beti erantzun egiten du eta alde horretatik uste dut bat garela, indargune handia da hori”. .
Dena den, zalantzetarako tartea ere badago. Amaiak (TXANTXIKU TXOKO elkartea) uste du pandemia egoera honek eragile asko isilunean utzi dituela. “Ni oso eszeptikoa naiz” aitortzen du Kepak (OINARRI elkartea), “Oñatin ekintza puntualetan esku bat botatzeko jende pila prest dago beti, behar bada ez dago horrenbeste jende gurditik tiratzeko”. Ideia hau ere askotan errepikatu da, errelebo falta hain zuzen ere.
AULKIAK Topaketak estrategia zabalago baten parte dira, Oñatiko Udalak ehun soziala laguntzeko, artikulatzeko eta indartzeko helburua baitu. Zubizarreta zinegotziaren hitzetan “Udaletik ekimen hau bultzatu dugu uste dugulako amankomunean egiten den edozer banaka egiten dena baino indartsuagoa dela, eta elkarlan eta sinergia berriei ateak zabaltzen lagundu nahi dugu”.
Hausnarketa kolektiboa ardatz
Topaketak Oñatiko eragileek elkar ezagutzeko balio izan dute, baita beren arteko harremana eta udalarekin dutena aztertzeko ere. Etorkizunera begira ere jarri dira topaketetan, Oñatiko elkartegintza nola ikusten duten ez ezik, nola hobetu daitekeen eta zer egin nahi duten erakutsiz.
“Oñatiko ehun sozialak duen erronka handiena elkarlana sustatzea dela uste dut” dio Itziarrek, “denon artean elkarte sare indartsu bat osatzea, batzuk besteei laguntzeko eta elkarrengandik ikasteko”.
Izar (ATZEGI) pozik doa etxera, “jendea mugitzeko badago, saretzeko gogoa badago, elkar ezagutzeko eta elkarlanerako, herritik herrira sortzeko”. Jose Antoniok ere (HERMANSOLOÑA elkartea) “esperantza pittin batekin” etxeratzen dela azpimarratu du eta Ibai ere (TXANTXIKU TXOKO elkartea) pozik agertu da, “gaur bide bat zabaldu dela uste dut, “ikusten da Udalak nahi duela bere egunean faltan bota izan nituen tresna batzuk aurrera eraman eta aukera berriak sortu”.
Komunitatea eta Udala bidelagun
Amaiak argi du, “hobetu beharko litzatekeena da indibidualtasuna alde batera utzi eta kolektibo moduan mugitu, taldeak indarra duelako, gauzak kolektiboki egiten direnean jendeak hobe barneratzen dituelako eta denboran gehiago mantentzen direlako”. Eta norabide horretan, Amaiaren hitzetan “Udaletxearen partetik era honetako gauzak egin behar dira eta nik uste bere lana laguntzea dela, ez ekonomikoki bakarrik, baizik eta ezagutzea zer gauza egiten diren, jakinarazi, eta behin hori dagoela, bideratzen lagundu”.
Bestalde, Keparen ustez instituzio ofizialek pertsona bolondresen papera onartu beharko luke, “boluntariorik ez badago herri mailan ekimen asko ezin dira egin eta erakundeen errekonozimendua eta laguntza beharrezkoa da”.
Edurnek azaldu du oso jardunaldi aberatsak izan direla eta espero du Udalak informazio guztia kontuan hartzea “gerora begirako lanketa bat egiteko, horren baitan elkartze puntuak eta batzeko momentuak prestatuz, topaketa hauek hasiera puntu bat izan daitezela”.
Ibaik ere Udalari erraztaile papera egokitzen dio, “Udalak fazilitadorea izan behar du, gauzak erraztu behar ditu burokrazia aldetik, ekonomikoki, eta elkarlana errazteko herritarroi tresnak eskaini”.
Anik Zubizarreta zinegotziak bat egiten du, “topaketa hauetan ateratzen den informazio guztiak lagunduko digu aurrera begirako pausoak identifikatzen, etor daitekeenari guztiz irekita gaude, benetan uste dugu oso bide emankorrari aukera zabaltzen arizaiola”. Eta bidelagun berriei atea zabalik utzi die Zubizarretak, “topaketa hauek hasiera baino ez dira izan, pozik gaude abiapuntuan parte hartu dutenekin eta bertaratu ez direnei besoak zabalik harrera egiteko prest gaude, hasi dugun prozesu komunitario honetan nahi eta ahal duten neurrian ekarpena egiteko aukera izango baitute, talde guztiak ongi etorriak izango dira”.
Onintza Andres teknikariak ere hala ikusten du, “bide orria ez dago aurrez zehaztuta, poliki-poliki elkarrekin eraikitzen joango gara, baina norabidea argi daukagu, komunitate moduan gure alea jartzea bilatzen dugu, indarrak batu eta elkar indartzea”. “Jendarte moduan ahulezia batzuk ditugu, herri modura ere bai, eta ziur gaude norbanako eta kolektibo bakoitzaren onena eskainita, batera eginez, bata besteari entzunda eta kolaboratzen, jendarte justuagoa eta lortzeko bidean aurrera egingo dugula” ondorioztatu du.