Oñatiko Udalak “Aulkiak” jardunaldiak antolatu ditu, Partaidetza eta Garapen Komunitarioko sailaren bitartez. Herriko erakunde, elkarte eta kolektiboen topaketa bat izango da, elkarlanerako espazio bat, beste ekimen batzuk ezagutzeko, Oñatiko elkarte- eta gizarte-sarearen egoerari buruz hausnartzeko, egungo egoerari buruz gogoeta egiteko, gure herriko erronkei eta beharrei erantzuteko ideiak eta proposamenak trukatzeko.
Izan ere, Anik Zubizarretak dioen bezala, Oñatin askotarikoak dira lanean ari diren talde, kolektibo edota elkarteak, adierazpen anitzak dituztenak. Hainbat arlotan lanean dihardutenak. Izugarrizko aberastasuna dago hor eta, hortik, AULKIAK-ek dituen helburuetako bi: alde batetik, talde horiek guztiek herriari egiten dioten ekarpena balioan jartzea eta, bestetik, elkar ezagutzea, indarguneak eta ahulguneak partekatzea, eta elkarlanerako bideak esploratzea, Oñatik dituen erronkei amankomunean eraikitako erantzuna emateko.
Anik Zubizarreta Partaidetzako zinegotziak eta Onintza Andres teknikariak, aurkeztu dute ekimena prentsaurrekoan. Jardunaldien kartela eta bideoa ere aurkeztu dira. “Jasarri eta ingu berba?” eslogana erabiliko dute. Aulkiak elkarte-sarearen aniztasunaren sinbolo gisa agertzen dira eta, aldi berean, topaketaren metafora gisa. Bideoan, bestalde, jardunaldiak aurkeztu eta bertan parte hartzeko gonbitea egiten da.
Jasarri eta ingu berba?