Oñatiko Udalak herrigintza ardatz duen proiektu berria martxan jarri du. Anik Zubizarreta Oñatiko Partaidetza eta Garapen Komunitarioko zinegotziaren hitzetan “udalgintza herritarrekin batera egin behar da” eta ideia horri helduta, eragileak eta udala elkarlanean Oñatik dituen arazo eta beharrei irtenbide komunak bilatzeko erronkari ekin nahi dio.
Onintza Andres Oñatiko parte hartze teknikariaren ustez ez dago zalantzarik herritarren elkarte eta kolektiboetatik beren alorretan lan handia egiten dela, “baina ez gara eseri eta elkarrekin pentsatzen jarri klabe komunitarioan Oñatiren beharrak identifikatu eta erronka komunei irtenbideak bilatzeko”.
Ekintza komunitarioa
Andresen iritziz “herrigintza indartzeko ahaleginean, ahalduntze sozialerako oso interesgarria da ekintza komunitarioko estrategia partekatu bat izatea” eta “ekintza komunitarioaren ekosistema” ideiari forma ematen ari da Udala azkenaldian. “Oñatiarrei honako galdera luzatu nahi diegu: Oñatin ba al dugu nahikoa gihar, ba al gaude nahikoa sareturik, izan instituzioetatik, izan herrigintzatik, izan bien arteko bidegurutzetik, komunitate artikulatu moduan aurrera egiteko?”.
“Elkarlanean Oñatik epe ertainera dituen erronkei heltzeko ahaleginean gehiago batuko bagina?”
Zubizarretak hor ikusten du erronka, “denok ikustea indarrak batzeak ze onura ekar dezakeen norberarentzat, elkartearentzat eta herriarentzat”. Zinegotzia sinistuta dago horrelako egitasmo batek balio dezakeela “elkar elikatzeko eta sinergiak aprobetxatzeko, baita banaka zailagoak diren proiektu berriak elkarrekin martxan jartzeko ere”.
Proiektu berri honek elkar ezagutzarako tresna ere izan nahi du. Oñatiren tamaina aitzakia, elkarren berri dugula edota elkar ezagutzen dugula pentsa daiteke, baina azaleko ezagupenean geratzeko arriskua hor dago Andresen ustez.
Udal ordezkarien hitzetan “elkarte eta taldeak elkar konektatzen dituena agian ez da lan- esparrua, ezta erabiltzen dituzten espresio-bideak ere, askotarikoak izaten baitira; baina bai harremanei eta herriaren eta herritarren onurarako gauzak modu kolektiboan egiteari ematen zaion balioa edo garrantzia”. Horrek elkarteak parekatzen ditu eta Udalak ere ahaleginak batu nahi ditu gizarte eta komunitatea sendotzeko asmo horretan; horretara dator prozesu parte hartzaile hau.
Topaketak azaroan
Orain arte ekimen kolektibo honi forma emateko sukalde lana egin da, hainbat elkarrizketa eta kontraste tailer batzuk. Orain, ordea, guztiok elkarrekin aritzeko momentua iritsi da, benetako parte hartze prozesua abiatzeko ordua.
Azaroaren 19an, 20an eta 27an ehun sozialaren topaketak burutuko dira eta eragile guztiek bertan parte hartzeko gonbidapen berezia jasoko dute. Egun horietan elkar ezagutza eta hausnarketa kolektiboa landuko dira, aspaldiko partez elkar ikusi, bakoitza zertan den eta nola dagoen ezagutu, baita Oñatiren beharrez, elkarlan aukerez eta herrigintzaz elkarrekin hitz egin ere. “Azken batean hori da egitasmoaren helburua, eragile guztiak batu eta aurrera begirako Oñatiren kapituluak nola idatziko ditugun erabakitzeko ariketa kolektiboa egitea” ondorioztatu du Zubizarretak.
“Oñati batzeko ariketa kolektiboa izan daiteke, inor kanpoan utzi gabe elkarrekin aurrera egiteko”
Bestalde, topaketekin batera garatu nahi den beste ariketa ekosistema sozialaren mapaketa da, webgune honen bidez egingo duguna. Andresek elementu garrantzitsua dela uste du, “aukera zegoen beste modu batean egiteko, guk eragileen zerrenda aplikaziora igo eta horretan geratu baina ariketa pobrea litzateke, norbaitek zu zerrendatzea ondo dago baina zuk zeure burua aitortzea eta ahalduntze ariketa hori egiteak proiektuari beste balio erantsi bat ematen dio”.
“Garrantzitsua da norberak bere burua mapea dezala eta ez alderantziz” gehitzen du Zubizarretak, “zuk zure burua mapeatzeko erabakia hartzeak esan nahi du proiektura batzen zarela, ekimen kolektibo honekin identifikatzen zarela eta horren parte izateko gogoa duzula”.
Zer da mapaketa?
Labur esanda, eragile bakoitzak bere burua deskribatu eta mapan kokatzeko ariketa kolektiboa da. Webgune honen bitartez egingo da, lana errazteko hainbat kategoria zerrendatu dira eta eragile bakoitzak hobe datozkionak hautatu behar ditu, besterik ez. Horien artean daude lantzen den gaia edo tematika, eragilea nori zuzentzen den, sektorea eta baliabide mota.
Eta horrekin batera, ariketaren izenak dioen moduan mapa oinarri hartuko da. Oñati 17 auzotan (16 landa auzoak gehi herrigunea) bereizi da eta eragile bakoitzak bere burua auzo batean kokatu behar du, eragileen eta udalaren erradiografia osatzen lagunduko duena.
Mapaketak Oñatiko ekosistema soziala nolakoa den erakutsiko du, eragileak espazialki nola banatzen diren azaldu eta kategoria bakoitzeko analisiak egiteko informazioa erraztuko du, esate baterako indargune eta ahulguneak identifikatzeko, baita elkarlanerako aukerak ikusarazteko ere.
Hasteko prest zaude? Sartu hemen eta ekin mapa osatzeari!